XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zegok inorekin ere txoratzen, nerekin ez bada.

Ezkontzekotan gaituk.

Gainera, ez dik inorekin ere traturik.

Goldyk sorbaldak goratu zituen.

- Orduan zer gertatu da hire ustez, xeme?

Atsoa andarra emanda joan duk ihesi, poltsikoa orraztu dian gizonarekin.

Ez gizon horren eta ez hire diruaren atzetik ez badabil...

- Ez dik ihes egin, gizon horrek eraman egin dik -sartu zen Jackson.

Eta gainera, dirua nahi badu, bere dirua ere badauka.

Hik eta nik inoiz ikusi izan dugun baino diru gehiago zeukak.

Goldyren gorputz beltz eta lodia geldi-geldi geratu zen.

Ez zitzaion mugitzen ez betilerik ez aurpegiko muskulorik ere.

Neskak sekula biek ikusi izan zuten baino diru gehiago bazuen, hor hasten ziren komeriak.

Horrezaz bai zekiela Goldyk.

Eta diru mordoa kutxan gordetzen zuen.

Bestela, zer dela-eta, itzuliko zen neska eskuluzearekin kutxaren bila?

Ezinezkoa zen kutxa barruan erropa besterik ez edukitzea, bestela ez zituen halako lanak hartuko, eta gainera, zer nolako erropak izango ziren haiek bere anaia bizkia bezalako tximoso eta kaiku kirten batekin bizi izanik?

Goldyk bere begi-nini beltz haunditu haiekin, aluzinatuta arakatu zuen Jacksonen aurpegi triste eta izerditsua.

- Lagundu egingo diat, atxo hori topatzen, Anaia! -xuxurlatu zion adiskidantzaz.

Azken finean, neure bizkia haiz.

Tunikapetik frasko bat atera eta Jacksoni luzatu zion

- Proba ezak pixka bat.

Jaksonek, ezetz buruarekin.

- Benga motel, proba ezak behingoz -agindu zion Goldyk amorrazioz.